Ikasturte honetan, Ausartzenen Hazi Feministak jarri dugu martxan; egunerokoan bai hezitzaileok bai taldea berak antzemandako beharretatik sortutako espazio bat.
Proiektua aisialdi hezitzaileko taldearen barruan garatzen da, LH 5. mailatik DBH 2. mailara bitarteko neska eta mutilekin, ostiraletan. Hasieratik, konfiantzazko eta zaindutako espazio bat eraikitzen ari gara, non hitz egin, elkar entzun eta taldeko kide sentitzea posible den, bakoitzaren erritmoak eta bizipenak errespetatuz.
Dinamikak parte-hartzaileak dira: jolasak, eztabaida txikiak eta esperientziazko jarduerak uztartzen ditugu, adierazteko, zalantzan jartzeko eta partekatzeko aukerak sortuz. Hurbiletik abiatzen gara, beraienegunerokotik: eskolan, lagunartean edo sareetan bizi dutena. Nesken eta mutilen artean gertatzen diren egoerak lantzea nahi dugu, ulertzen laguntzea eta elkarrekin harreman justuago eta errespetuzkoagoakeraikitzeko bideak bilatzea.
Prozesu honetan, nor garen, generoek gure egunerokoan nola eragiten duten eta munduan zer leku hartu nahi dugun bezalako galderak ere irekitzen ari gara. Pixkanaka, sentitzen dutena eta ikusten dutena hitzetanjartzen doaz, begirada kritiko eta kontzienteago bat garatuz.
Bide polita izaten ari da; talde bezala, elkar ezagutzen eta eraikitzen ari gara, errespetutik, jakin-minetik eta zaintzatik.
Elkarrekin, berdintasunaren hazi txikiak ereiten jarraitzen dugu, munduan egoteko modu askeago, bidezkoago eta kontzienteagoak haziko direlakoan 🌱💭💜